DA! asko dira!
Txalaparta Durangoko Azokan
Azoka hau berezia da guretzat, argitaletxearen 30. urtemuga ospatuko baitugu
Tafallatik Durangora argitalpen berri askorekin joango gara aurten, eta, horrekin batera, gure funtsaren apologia egiteko gogotan: 500 izenburutik gora hautatu ditugu bertaratzeko. Abenduaren 5etik 9ra han izango gara, Barrenkale 1-9 postuetan.

Txalapartaren 30. urteurrenean, Jose Mari Esparzak Apología. Memorias de un editor rojo-separatista aurkeztuko du. Kalean da bigarren edizioa dagoeneko. Idazleak egunero sinatuko ditu liburuak azokan.

Plazaratu eta egun gutxira, Altsasu. El caso Alsasua liburuaren bigarren edizioa kalean izanen da berehala. Aitor Agirrezabal eta Aritz Intxusta egileak liburuak sinatzen izango ditugu abenduaren 6an, osteguna, eta 8an, larunbata, Altsasu Gurasoak plataformako kideekin batera.

Durangoko azokara bero-bero iritsiko da Pioneras. Historia y compromiso de las hermanas Úriz Pi liburuaren bigarren edizioa ere. Bi nafar abangoardista, feminista, komunista eta iraultzaile hauen historia gogora ekarri duen idazleetako bat, Manuel Martorell, liburuak sinatzen egongo da abenduaren 5ean, asteazkena, eta 6an, osteguna.

Gerezi garaia eta El tesoro de Lucio sendo etorriko dira azokara, biak ala biak hirugarren edizioarekin, ekainaz geroztik gehien saldutakoen artean baitaude. Mikel Santos Belatz egilea egunero izango dugu postuan aleak sinatzen eta marrazten.

Joseba Asironek eta Martintxo Alzuetak Euskal Herriko historia ilustratua lanaren hirugarren atala aurkeztuko dute Durangoko azokan, Amerikaren konkistatik Antzinako Erregimenaren gainbeherara bitarteko garaiak biltzen dituena. Larunbatean egongo dira biak liburuak sinatzen, abenduaren 8an alegia.

Zeresana eman zuen Stock 13 hura argitaratu eta 10 urtera itzuliko da Edorta Jimenez Txalapartaren standera, Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua izena duen eleberri beltz batekin oraingoan. Abenduaren 9ean, igandea, sinatuko ditu liburuak.

Argitalpen berri gehiago ditugu. Esate baterako, Bai mundu berria, Aldous Huxleyrena, Xabier Amurizak 1971n itzuli eta Fernando Reyk aurten moldatua; Harkaitz Canoren Mecanografiak lanaren bigarren edizioa; eta ZAD bizi dutenen ahotik, Iñaki Etxeleku kazetariarena. Etxelekuk gure standa bisitatuko du larunbat goizean, eta liburuak sinatuko ditu.

Aurkezpenak AHOTSENEAn
- Abenduak 7, ostirala, 11:30. Oier Guillanek Zauri Bolodia aurkeztuko du.
- Abenduak 8, larunbata, 13:00. Mikel Santos ‘Belatzek’ Gerezi garaia aurkeztuko du.
- Abenduak 9, igandea, 13:00. Elkarrizketa Edorta Jimenezekin. Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua bere nobela berria aurkeztuko du.
Haur literatura
Nobedadeak TXO! bilduman
Albiste eta ekimen berriak
Euskal Herriko historia XX.mendean
El pulso de la calle, en una novela negra
2025.02.11
La toma de conciencia del colonizado
2025.02.10
Iruzkinak 0 iruzkin