Libano: ehunka urteko kultura, bizilagun "berri" batek mehatxatuta
Israelgo armadak aire erasoen azkenaldiko olde hedatuena egin du gaur Libanon. Eraso horietan, gutxienez 356 pertsona hil eta mila baino gehiago zauritu dituzte.

Iragan urriaren 7an Gazaren kontrako oldarraldia koska bat estutu zuenetik eginiko aire-eraso olde hedatuena gauzatu du Israelek gaur, Libanon. Are gehiago, erasoak hiribururaino eraman ditu Tel Avivek: arratsaldean, Beirut hegoaldeko zenbait auzo bonbardatu ditu. Ez dago argi azken eraso horrek zenbat zauritu eta hildako eragin dituen. Halaber, Libanoko albiste agentzia publikoak jakinarazi duenez, mendebaldeko Bekaa eta Baalbek bailarak ere bonbardatu dituzte.
Libanoko Osasun Ministerioaren datuen arabera, gutxienez 356 pertsona hil eta 1.246 zauritu dituzte. Firass Abiad Osasun ministroak emandako prentsaurrekoan jakinarazi du biktimen artean adingabeak eta osasun langileak daudela. Gainera, esan du Tel Avivek eraso egin diela anbulantziei, osasun zentroei eta herritarren ibilgailuei.
Libanoko lehen ministro Najib Mikatik Israeli egotzi dio Libanoko herriak «suntsitzeko» plana edukitzea eta herritarrak «sarraskitzeko gerra bat» gauzatzen aritzea. Nazioarteari esku hartzeko deia egin dio, batez ere NBE Nazio Batuen Erakundeari eta Segurtasun Kontseiluari. Libanoko Berri Agentzia Nazionalak jaso ditu, gobernu bilera bat hasi aurretik, Beiruten eginiko adierazpenak.
Ia duela urtebete are eta gehiago gaiztotu zen Hezbolla Libanoko talde xiitaren eta Tel Aviven arteko harremana. Bada, gaur, ordutik erasorik jasan ez zuten guneak ere bonbardatu ditu Israelgo armadak. Reuters Britainia Handiko berri agentziak jakinarazi duenez, Libano hegoaldean, ekialdeko Bekaa haranean eta iparraldean, Siriatik gertu, egin dituzte erasoak. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak agindu zuen iparraldeko «botere oreka» aldatuko zuela; gaur egindako agerraldi batean esan du horixe egiten ari dela Israelgo armada.
Iruzkinak 0 iruzkin